XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erronkariko udala eta tenore nafarraren oinordekoekin batera. Nafarroako Gobernuak Julian Gaiarre fundazioaren iharduera bultzatzeko agiria sinatu

Nafarroako Foru Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Erronkariko Udalak Julian Gaiarre fundazio edo patronatua eratzeko akordioa jasotzen duen agiria sinatu zuten, joan den urtarrilaren 19an.

Sinatze ekitaldira Fernando Herrero Gaiarre, tenorearen loba ere azaldu zen familiaren izenean.

Dokumentu horren arabera, Gaiarreren oinordekoek, Erronkariko Udalak eta Foru Komunitateko Gobernuak entitate bat sortzeko asmoak azaltzen dituzte, bere eginkizunen artean azpimarratzekoak izanik, tenore nafarraren oroimenezko ekintzak antolatzea; Julian Gaiarrek utzitako patrimonio kulturala eta emaitza, erosketa, berreskuraketa edota inbertsio berrien bidez patrimonio horretan sar litezkeen ondasun guztien babesa: eta sinatutako agirian agertzen diren ekintza eta egitarauak bete daitezen arduratzea.

Nafarroako Jauregian burutu zen sinatze ekitaldian Roman Felones Hezkuntza eta Kultura Sailburuak eta Valerio Zoko Erronkariko alkateak parte hartu zuten, Julian Gaiarreren loba eta Agustin Anaut, Erronkariko Udaleko idazkaria aurrean zirelarik.

Julian Gaiarreren heredentzia kulturala eta patrimonioa osotzen duten ondasunak honako hauek dira: tenorearen Erronkariko etxea eta inguruetako lurrak, etxeko goiko solairua ezik Museo bihurtuko direnak; Erronkari hiriko hilerrian dagoen Gaiarreren Mausoleoko eskultura multzoa, Mariano Benlliure-k egina.

Aipatu etxean gordetzen diren gauzak ere patrimonioan sartuko dira, baita hiriko beste tokiren batetan udalaren zaintzapean gorde eta familia edota oinordekoen jabetze direnak ere, hauek Museora eramango direlarik.

Azkenik emaitza, erosketa, berreskurapen edota inbertsio berrien ondorioz aurrekoei gehitzen zaizkion ondasunak.